<albisteak> :: <albistearen xehetasuna>
115.000 gaztek parte hartu dute Hegoak elkartearen drogei buruzko kanpainetan
Data: 06.02.2012 Iturria: www.berria.info

az, 115.000 gazterengana ailegatu ziren Hegoak elkarteak prestatutako kanpainak.
Jende gazteak osatutako taldea da Hegoak, heziketa helburu duena; gako nagusia arduraz jokatzea dela argi dute.

Edurne Elizondo Iruńea

Gazteek osatua, eta gazteentzat. Halakoxea da Nafarroako Hegoak elkartea. Drogen esparruan lan egiten du, helburu zehatz batekin: gazteei hausnarketarako tresnak ematea, drogekin dituzten harremanetan arduraz joka dezaten, era guztietako kontsumoak bultzatzen dituen egungo gizartean. Heziketa landu nahi dute, arazoei aurrea hartu ahal izateko. Iaz, 115.000 gazterengana ailegatu ziren Hegoak elkarteak prestatutako kanpainak.


«Gazteekin hitz egiten dugu; drogekin duten harremanaz mintzatzen gara haiekin, haien kontsumo ohituretaz. Modu irekian egiten dugu, inor epaitu gabe; errespetuz hurbiltzen gara haiengana, eta horrek konfiantza ematen die». Eva Rosinorenak dira hitzak, Hegoak elkarteko lantaldeko kidearenak. Zehaztu du hori dela taldearen arrakastaren giltza: «Pertsonak artatzen ditugu, eta pertsonei egoerak aztertzeko eta erabakiak hartzeko tresnak ematea da kontua».


Helburu horrekin, gazteak ibiltzen diren besta guneetara joaten dira Hegoak elkarteko gazteak. Furgoneta bat dute, eta, haren bidez, informazioa eskaintzen dute. Herriko bestetan egoten dira, kontzertuak dauden tokietan, eta bertzelako aisialdirako eremuetan; finean, gazteak egoten diren tokietan. Lagun taldeek dituzten etxabeetara ere joaten dira. 2011n, denera, halako tokietan ziren 3.000 gazte ingururekin izan zuten harremana Hegoak elkarteko kideek. Kontua ez da bakarrik informazioa zabaltzea. «Analisiak egiteko aukera ere eskaintzen dugu, gazteek jakin dezaten zer ari diren kontsumitzen. Drogak badira gure munduan, eta hori onartu egin behar dugu, beste aukerarik ez dugu. Haien aurrean nola jokatu erabakitzea da kontua, arduraz jokatzea», azaldu du Hegoak elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak.


Gazteekin egiten duten lan hori guztia tokian tokiko gizarte zerbitzuetako arduradunekin batera garatzen dutela nabarmendu du Zigandak. «Elkarlana, sarean aritzea, oso garrantzitsua da guretzat; informazioa partekatzeko aukera ematen digu». Nafarroan oinarrizko 45 gizarte zerbitzu badira, denera, eta haietako 42rekin elkarlanean aritu ziren Hegoak taldeko kideak joan den urtean.


Tabakoa eta alkohola


1994. urtean sortu zen Hegoak. Droga mendekotasuna zuten hainbat gazteren senitartekoek jarri zuten martxan. Mendekotasun horri aurre egiteko, hain zuzen ere. Egoera aldatu da, eta egungo beharretara egokitu da elkartea. «Egun, arazoari aurrea hartzea da garrantzitsuena, heziketak duen garrantzia nabarmentzea», erran du Zigandak.


Elkarteak 119 kide ditu, eta hogeitik gora boluntario. Barańainen du egoitza, eta hango ateak zabalik direla gogorarazi dute Hegoak-eko arduradunek (Kirolen etorbidea, 6, 1. B). Haiengana zuzenean jotzen dute zenbait gaztek eta gurasok. Iaz, hamalau guraso eta 55 gazte joan ziren egoitzara laguntza bila, drogen kontsumoarekin lotutako arazoen ondorioz.


Drogen kontsumoa hainbat aurpegi dituen errealitatea dela argi utzi dute Zigandak eta Rosinok. Zalantzarik gabe erran dute zeintzuk diren gehien hartzen direnak: tabakoa eta alkohola. Legeak ezartzen dituen mugak ez baitituzte kontuan hartzen Hegoak taldeko kideek. Legeak debekatutakoen artean, marihuana da gehien kontsumitzen dena, Zigandak nabarmendu duenez. Kokaina ere gehien zabaldutakoen artean kokatu du Rosinok: «Aspalditik ezagutzen dugun droga bat da; informazio anitz dute gazteek, baina, oraindik ere, anitz kontsumitzen da».


Anitzetan gazteek esku artean duten informazioa ez da behar bezain osatua, Rosinoren hitzetan. «Gurasoek, hedabideek edo lagunek mezu ezberdinak ematen dizkiote gazteari, zenbaitetan. Nori egin behar dio kasu? Halakoetan, guk egiten ahal dugun lana hagitz garrantzitsua da, gazteak hausnarketa egin eta ondorioak atera ditzan».


Hegoak-ek egin dezakeen lana, hain zuzen ere, inoiz baino garrantzitsuagoa dela uste du Zigandak. Egungo krisiak bilakatzen du elkarte horren zeregina inoiz baino beharrezkoago, koordinatzailearen hitzetan. «Drogekin dugun harremana zehazterakoan, garrantzi handikoa da norberaren oreka emozionala. Lanik gabe gelditu den pertsona, arazoak dituen pertsona, ez dago ongi; eta, gaizki gaudenean, drogekin izan ditzakegun harremanak ere oker daitezke».


Egungo krisi ekonomikoak Hegoak elkarteari berari ere kalte egin dio, bertako kideek ezagutarazi dutenez. Nafarroako Gobernuarekin 2011. urterako hitzartutako diru laguntza ez dute jaso, eta egoera larrian jarri dituzte murrizketek. «Jasotako laguntzei, boluntarioen lanari eta elkartasun maileguei esker gaude zutik, oraindik ere».


REAS ekonomia alternatibo eta solidarioen sareen sareko kide da Hegoak. «Drogen kontsumoan eragin nahi dugu, baina, oro har, kontsumoari buruzko hausnarketa bultzatu nahi dugu. Kontsumoa da egungo gizartearen ardatza, eta guk bertzelako eredu bat nahi dugu». Ardura maila guztietan landu behar dela uste baitute Hegoak-eko kideek.