<ekintza-plan baten osagaiak>

Gure programa zehaztea.

Egoera ezagutzea.

Tarteko agintedunak prestatzea.
Drogomenpekotasunei aurre hartzea.
Tratamendua.
Kontsumoa detektatzea.
Ebaluaketa.

Gure programa zehaztea

Enpresako ordezkari guztiek dena delako ekintza aurrera eramatea erabakitzen duten unetik aurrera, lehen aipatutako batzordeak proiektuaren jarraibide nagusiak zehaztuko ditu: nondik nora jo behar den eta alde guztien eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituen politika publikoa izan beharko du.

 

Programa hori agiri batean jaso beharko da, eta zehatz adieraziko die, langile guztiei, zer den programa eta zeintzuk diren lortu nahi diren helburuak eta zein jarduera jarriko diren martxan helburu horietara iristeko.

Idatzizko agiri hori alde guztien artean adostutakoa izango da eta atal hauek izan beharko ditu:

Egin nahi denaren filosofia.
Helburuak.
Lehentasunak.
Aurrera eraman beharreko ekintzak.
Giza baliabideak, baliabide finantzieroak eta materialak.
Egutegia.
Egileak eta erantzukizunak.
Ebaluazioa.

igo

Egoera ezagutzea

Ez da ezinbestekoa drogamenpekotasunen inguruan zerbait egin nahi duen enpresa orok hasierako egoerari buruzko azterlan erabat sakona egin beharra izatea. Zalantzarik gabe, "errealitatearen diagnostikoa" egin behar da, abiapuntua zein den jakiteko, baina askotan nahikoa izango da programan parte hartzen ari diren zerbitzuek eskuartean dituzten datuak interesatuen eskueran jartzea.

 
 

Beste kasu batzuetan, bai daturik ez dagoelako, bai enpresak dena delako neurria duelako, bai beste arrazoiren batzuengatik, egoerari buruzko azterketa zehatz bat egin beharra egongo da, eta, beharbada, laneko osasunari buruzko beste azterlan zabalago baten barruan sartu ahal izango litzateke hori. Osasunaren arloan diharduten barne-baliabide espezializatuen eta kanpoko agentzien arteko elkarlanaren bidez, ekimen hau bultzatzean gure abiapuntua zein den jakingo dugu.

Zer lortuko dugu hasierako urrats horien bidez:

Zein droga mota eta zenbat kontsumitzen diren jakitea.
Kontsumo horren alde beharbada egiten duten eragileak zeintzuk izan daitezkeen ezagutzea.
Enpresan bertan zer nolako baliabideak dauden ezagutzea.

igo

Tarteko agintedunak prestatzea

Abian jarri nahi dugun ekintza hau diseinatu, garatu, jarraipena egin eta baloratzeko, enpresan diharduten agente guztiek hartu behar dute parte. Egin nahi dugunak kalitatea izan dezan, beharrezkoa izango da parte hartzen duten pertsona guztiek prestakuntza egokia izatea, eskuartean duten gaiaren gaineko oinarrizko ezagupenak behintzat barneratu ditzaten

 

Prestakuntza horren bidez, ondorengoak egin ahal izango dituzte:

Drogamenpekotasuna desdramatizatu eta behar besteko lasaitasunarekin heldu gaiari.
Drogamenpekotasunen nolakotasunez eta etorkizuneko joerez ikuspegi kualifikatua izan.
Enpresa dagoen eskualde edo komunitateko jardueren berri izan.
Enpresan zer egin daitekeen eta zer nolako tradizioa dagoen ezagutu.
Plangintza bideratu, egiten dena eraginkorra izan dadin.
Beharrezko trebetasunak eskuratu, agente bakoitzak izango duen eginkizun zehatza aurrera eraman ahal izateko (talde bat koordinatu, droga gehiegi kontsumitzen den edo ez ikusi eta hala bada, horri nola aurre egin zehaztu, arazoak dituzten pertsonei laguntzaz balia daitezen lagundu, horretara bultzatu, e.a.).

Garrantzi berezia dauka tarteko agintariak prestatzeak, ondorengoak egiteko gauza izan daitezen, zigorrak jartzeko joera alde batera utzita:

Droga gehiegi hartzen dela erakusten duten zantzuak identifikatu.
Zer nolako laguntzak dauden jakinarazi.

igo

Drogamenpekotasunei aurre hartzea

Lan-mundua oso leku ona da langileen bizimodu osasungarria eta autonomoa bultzatu ahal izateko. Drogei buruzko informazioa emango duten ekimenak oso garrantzi handia izango dute arlo honetan eman nahi ditugun pausoen artean.

Egoerari aurre hartzeko drogen berri ematerakoan, ondorengo gaiek izango dute lehentasuna:

Drogak eta horiek kontsumitzea: mitoa eta errealitatea.
Pertsonarengan nahiz gizartean eta lan-munduan duen eragina.
Langile bakoitzaren erantzukizuna.
Enpresaren politika.
Enpresan dauden era guztietako ordezkarien eginkizunak.
Laguntza emateko dauden bideak.
Enpresak jartzen dituen baliabideak.

Bi mailatan eramango dira aurrera ekintzok:

1- Eskaera gutxiagotzea

Informazioarekin eta heziketarekin zerikusia duten hainbat jarduera izango dira, helburuok dituztela: droga gehiegi ez hartzera bultzatu, gehiegi hartze horrek zer nolako arriskuak -era askotakoak- dituen ezagutarazi eta kontsumitzera bultzatzen duten joeretatik alde egiteko trebetasunak lortu. Azken batean, ekintza hauen guztien helburua langileei drogen aurrean erabakiak hartzen laguntzea da, beti ere beren ongizatea eta autonomia errespetatzeak lehentasuna izanda.

2- Eskaintzaren gutxiagotzea

 
 

Drogamenpekotasunetan, oharkabeko edo ohiturazko hainbat jarrera izaten dira, eta ez dugu horietan erreparatzen. Gerta liteke, esate baterako, enpresa batek, alkohol gehiegi edaten dela eta, horren inguruan zerbait egitea erabakitzea, baina aldi berean, jantokian eskaintzen dituen edarien artean, edo Gabonetako saskian edo beste zerbitzu orokor batzuetan alkohol eskaintza handia egitea enpresa horrek berak. Eskaerari aurre egiteko neurri egokiak hartu dituen enpresa horrek berak, egiten duen eskaintzaren bidez, alkohola eskueran erraz izatea areagotzeaz gainera, alkohola normaltasun osoz kontsumitzea bultzatzen du.

igo

Tratamendua

Lan-esparruko drogamenpekotasunen arloan eragiterakoan erabateko garrantzia izango duen osagaietako bat enpresa dagoen eskualdean dagoeneko badauden zerbitzu edo baliabideekin harremanetan egotea da.

Gizarteko baliabideak

Hainbat baliabide tekniko dira, eta horien artean ondorengoak sar ditzakegu: buru osasuneko zentroak, drogamenpekotasunetarako zentro bereziak, udaletako gizarte-ongizateko departamentuak e.a.; horiek guztiek drogamenpekotasunen arloan espezializaziokoak diren urratsak ematen dituzte: premia dutenei kasu egin eta nortzuk diren zehaztu, pertsona hori nola dagoen aztertu (osasun, psikologi eta gizarte ikuspegitik), eta kasu bakoitzean eman beharreko banan-banako tratamendua zein den adierazi.

Enpresa barruko baliabideak

Enpresa barruko osasun-zerbitzuak edo zerbitzu sozialak dira, eta ondorengo eginkizunak dituzte:

Informazioa eta jarraibideak eman, enpresa barruan zein hortik kanpora zein baliabide dauden jakiteko, beti ere drogekin zerikusia duten arazoei aurre egiteko.

Garaiz detektatu, aldian-aldian osasun zerbitzuek egiten dituzten azterketen bidez eta han eta hemen dagoen informazioaren bidez, azken informazio horrek diagnostikoa osatzen laguntzen badu.

Osasun, psikologi eta gizarte arloko diagnostikoa egin, nondik nora jo jakin eta, beharrezkoa baldin bada, arazoa dituen ezaugarri berezien arabera bideratzeko.

Eskaerak jaso, aztertu eta berriz definitu.

Ahalik eta gutxien esku hartu; modurik errazenean esku hartu behar da, baina eraginkorrak diren bideetatik: medikuaren aholkuak, autolaguntzako gidak, lortutako emaitzen jarraipena egin, e.a.

Kanpoko baliabideetara bideratu; horrela jardunda, ez gara langilearen bizitza pribatuan sartuko, gure lanaren kostua txikiagoa izango da eta eraginkortasuna, berriz, handiagoa.

Motibazioa. Bai drogekin arazoa dutela onartzen duten pertsonei bai beren burua arazo horrekin identifikatuta ikusten ez dutenei jakinarazi beharko zaie programan parte hartzeak ez duela beren lanpostua galtzeko arriskurik sortzen; hori garbi adierazi beharko zaie, errezelorik izan ez dezaten.

Jarraipena. Zentro terapeutikoarekin eta langilearekin harremanetan egonda, bilakaera zein izan den jakingo dugu, bai tratamendua hartzen egon den artean eta baita era normalean lanean hasi eta gero ere.

Laguntza terapeutikoa hartzeko, hiru irizpide bete beharko dira:


Borondatezkoa izatea: laguntza terapeutikoa hartzen hasi edo ez langileak berak erabaki beharko du, baina enpresak horren alde egin beharko du, behar bezala, langileek eskubide hori badutela onartu behar baitu, eta, gainera, arrakastarako bidea baita..

Isilpekotasuna: langile guztiek garbi ikusi beharko dute berei buruzko datuak erabateko errespetuarekin erabiliko direla.

Lanpostua eta diru-sarrerak ziurtatuta izatea: programa honetan parte hartzeak ez du inolako zalantza edo susmo txarrik sortu beharko.

igo

Kontsumoa detektatzea

Pertsona batek droga kontsumitzen duela detektatzea horren berri ematen duten zeinuak identifikatzea da. Zeinu horiei adierazle deitzen zaie, eta bi eratakoak izan daitezke:

Zeharkako adierazleak

 
 

Langileak lan egiteko moduan edo lanean integratzerakoan arazoak baditu, horrek droga gehiegi hartzen ari dela adieraz dezake; hauek izan daitezke adierazleak: lanera ez joatea, errendimenduak behera egitea, harremanak izateko arazoak, istripuak, berandu iristea, garaia baino lehen irtetea, lanaren kalitatea ez izatea hasierakoa bestekoa, atsedenaldiak luzatzea, okerreko erabakiak hartzea, eta, orokorrean, jarduteko modu psikofisiologikoan izandako edozein aldaketa (memorian, erreflexuetan, kontzentratzeko gaitasunean, pentsamendu logikoan, aldartean, e.a.).

Zaila da lankideek eta arduradunek ez ikustea droga gehiegi hartzen den edo ez.

Zuzeneko adierazleak

Modu zehatzean adierazten dute droga gehiegi hartzen den edo ez:

Parametro biologiko batzuetan aldaketak dauden edo ez ikus daiteke (alkohol gehiegi hartzeko ohitura dutenek transaminasak eta beste osagai batzuk altu izaten dituzte, eta aldian-aldian egiten diren odol-azterketek hori ikusteko aukera ematen dute).
Txiza aztertzean ere drogen berri jaso daiteke: sustantzia bakoitzak denbora jakin bat egiten du gorputzean, eta tarte horretan hondar horiek gorputzean dauden detektatzeko aukera egon daiteke.

Lehenengoek ez dute arazo edo polemikarik sortzen, logikoa baitirudi medikuen azterketa batzuen bidez gorputzean oinarrizko nahasketa biologikoren bat dagoen edo ez aurkitzen saiatzea. Txiza aztertzeko egindako analitikek, ordea, drogak kontsumitzen diren edo ez aztertzeko egin baldin badira, arazo handiagoak sortzen dituzte.

Azterketa horiei dagokienez, ondorengoa esan behar da:

Egokiak izan edo esanahiren bat edukitzeko, tratamendu bat jasotzeko proposamena ere egin beharko da horrekin batera, eta tratamendu horrek, gainera, gutxieneko eraginkortasuna ere izan beharko du.
Proposamen asko egin izan dira, azterketa horiek egiteko unea zein izan daitekeen jakiteko: langileak hautatzeko egindako osasun-azterketetan, aldian-aldian egiten diren osasun-azterketetan, droga gehiegi hartzen dela uste izateko susmo nabarmenak daudenean, noiz edo noiz, lekualdatzeren bat edo lanpostu hobea lortzean, tratamenduan egon eta gero lanera itzultzean, izandako istripuren baten arrazoia kontsumo hori izan daitekeela uste denean.

igo

Ebaluaketa

Aurrera eraman dugun ekintza horren beste atal bat lan horren kalitatea, egokitasuna, onarpena eta eraginkortasuna neurtzea da. Eta hori bi norabidetan egin behar da:

Prozesua ebaluatzea

Aurrera eraman dugun ekintza horren jarraipena egin behar da, gauzak uste bezala gertatzen ari diren ikusi eta aldaketaren bat egin behar baldin bada, egiteko. Berrikustea baino ez da, oso oinarrizko kontua, eta galdera hauen erantzuna aurkitu nahi du:

Programatutakoa egiten ari al gara?
Pentsatutako moduan ari al gara egiten?
Parte hartzeko konpromisoa hartu zutenak ari al dira parte hartzen?
Aurreikustako baliabideak ari al dira erabiltzen?
Izan al da ustegabekorik?

Emaitzak ebaluatzea

 
 

Enpresako ekintza hori bultzatzen ari den taldeak, helburuak zehazterakoan, lortzeko moduko xedeak eta erraz neurtzeko modukoak zehaztu beharko ditu. Planak dituen urratsak betetzen diren heinean, eta urrats horiek errealitate bihurtu ahala, helburu horiek zenbateraino bete diren neurtu beharko da, jarduera bat edo beste indartu, beharrezkoa dena aldatu, jarritako helburuak lortzeko modukoak diren edo ez ikusi, e.a. egiteko.

 
igo