<parte hartzeko printzipio orokorrak>

LANEKO OSASUNA, FILOSOFIA MODU BAT

 

Gure proposamena ez da unean-uneko jarduerak aurrera eramatea; lan-munduak eskaintzen dituen aukerez baliatu nahi dugu, drogamenpekotasunaren gaiari modu integralean heldu ahal izateko. Bazter batean utzi nahi ditugu salbuespenezko egoera guztiak, eta programa hau enpresak aurrezaintzarekin zerikusia izanik aurrera daramatzan gainerako ohiko programen artean sartu nahi dugu. Horrela baino ez dugu lortuko droga gehiegi hartzearen inguruan modu jarraian lan egitea. Beraz, programa hau enpresako Laneko Osasuneko Planaren barruan sartu behar da.

OSASUNA ETA ONGIZATEA BULTZATZEA

Aurrera eraman nahi diren ekintzok esparru zabalago baten barruan daude, hau da, herritarren osasuna eta ongizatea bultzatu nahiaren barruan kokatu behar dira. Bizimodu jakin bat bultzatu nahi da, drogen kontsumo konpultsiboak lekurik izango ez duen bizimodu bat. Aurrera eramango diren ekintzek ez dute bereizketa kapritxosorik egingo droga bakoitzak legean duen egoeraren arabera.

JARDUERA INTEGRALA

Lan-esparruko drogamenpekotasunaren gaiari orokorrean heldu nahi baldin badiogu, oinarrizko hiru ardatz izan beharko ditugu kontuan:

Aurrezaintza

Lanlekuan aurrera eraman beharreko estrategiak, drogen kontsumoak behera egin dezan.

Laguntza

Drogak behar bezala ez hartzearekin zerikusia duten arazoak detektatu, horietan ahalik eta azkarren parte hartu eta, beharrezkoa baldin bada, gizartean mota horretako arazoei aurre egiteko dauden guneetara bideratu kontua.

Erreabilitazioa

Proposatzen dugun estrategian, bi jardunbide orokor aipatzen dira:

Drogamenpekotasunekin zerikusia duten arazoei sendabidea aurkitzen laguntzea, eta horretarako erreabilitatzeko programaren batean sartu nahi duenari laguntza ematea.
"Drogamenpekoak izandakoak kontratatzeko" laguntzak emango dituzten programak erakunde publikoek aurrera eraman ditzatela bultzatzea.

PARTEHARTZEAN OINARRITUTAKO EREDUA

 
 

Lan-munduan aurrera eraman nahi den ekintza honek arrakasta izan dezan, ezinbesteko baldintza da enpresako munduan parte hartzen duten eragile guztiek parte hartzea; hauek dira: sindikatuetako ordezkariak, aurrezaintzako delegatuak, osasun-zerbitzuak, gizarte-laguntzako zerbitzua, segurtasun eta higieneko zerbitzuak, aurrezaintza, gerentzia eta tarteko agintarien zerbitzua, giza harremanetarako arduradunak, segurtasun eta osasuneko lantaldeak e.a. Bai hasieran, programa diseinatzeko aldian, eta baita programa betearazi eta horren ebaluaketa jarraia egiteko orduan ere, edozein ekintzatan bete beharreko baldintzetako bat izango da enpresaren barruan dauden eledun guztien arteko ahobatekotasuna lortzea.


Komenigarria izango litzatekeela dirudi aurrezaintzako zerbitzu horien barruan drogamenpekotasunen lan-batzorde bat sortzea, aholkularitza teknikoa emateko. Batzorde horretan lan-munduko hainbat ordezkari izango lirateke kide, eta batzordearen eginkizuna aurrera eraman beharreko ekintzak diseinatu, betearazi eta ebaluatzea genuke, beti ere eginkizunak eta erantzukizunak behar bezala banatuta.

INTEGRATU ETA NORMALIZATU

Ekimen honen bidez drogen kontsumoa langileen osasunean eragin dezakeen beste edozein egoera arriskutsu bezala aztertzen baldin bada, eta lortu nahi dena enpresak ondo jardutea bada, gaiari modu normalizatu batean heldu behar zaio, gaia aurrezaintzako politika orokorraren barruan kokatuta, eta bazter batean utzi behar dira zigorra helburu duten asmoak. Planteamendua, beraz, positiboa da, bizi-baldintzak hobetu nahi dira, ez dago zigortzeko asmorik. Helburua drogekin zerikusia duten arazoak ahalik eta gehien murriztea da, ez arazo horiek dituztenak enpresatik kanpora bidaltzea.

KOMUNITATEARENTZAT LEKUA DUEN ESTRATEGIA

 
 

Drogamenpekotasunei dagokienez, lan-mundua jarduera-eremu berezitua da. Eta hori esanda, hala ere, behin eta berriz ekarri behar dugu gogora eman beharreko urratsak ezin direla enpresa bere baitan hartzen duen komunitatetik kanpora geratu. Gauzak behar bezala egiteko, enpresak bere baitan ematen dituen urrats guztiak gizartean dauden baliabideekin harremanetan egonda eman behar ditu.

Batzuetan komunikazio hori ezinbestekoa izango da, esate baterako, irtenbide terapeutikoa behar denean, gizarteko zerbitzu orokorrak erabiliko direlako. Beste batzuetan, enpresan egiten dena beste eremu batzuetan (eskola, familia, gazte-mugimendua e.a.) egiten denarekin lotuko du komunikazio horrek, eta horrek koherentzia eta sistematikotasuna emango dio gizarte osoko lanari.

PLANGINTZA ETA JARRAIPENA

Zoritxarrez, bai enpresetan eta baita gizarteko beste esparru batzuetan ere, drogekin zerikusia zuten arazoak gutxiagotzen saiatu direnean, aurrera eramandako ekintzak unean unekoak izan dira. Urte askotan zehar, arazo dramatikotzat jotzen zen horri nola edo hala irtenbideren bat aurkitu nahian, presaka jardun izan da, inprobisazioak, borondate onak eta jarraipenik ezak leku handia zutela. Eta ulertzekoa zen hori horrela gertatzea; ez zegoen tradiziorik, ez zen ezagutzen nola jardun eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zen jendea.

Esperientziari esker jakin ahal izan dugu egiten zena ez zela nahikoa eta, gainera, jarduteko modu hori ez zela egokiena. Orain ikusten dena da programa bidez jardun behar dela. Orain proposatzen den jarduteko moduak alde batera uzten du aktibismoa (zerbait egin behar da!), eta baita presaka ibiltzea ere (di-da egin behar da!), eta behar beste denbora hartu nahi du eman beharreko urratsez gogoeta egiteko.

Egin beharrekoa planifikatuta egin behar da, eta hauek izango dira oinarrizko aldiak:

Helburuak zehaztu: zer lortu nahi dugu?
Lehentasunak jarri: nondik hasiko gara?
Jarduerak zehaztu: nola lortuko dugu?
Baliabideak eskuratu: zer behar dugu?
Betearazi: Ekin!
Ebaluatu: Uste bezala al goaz?