<noticias> :: <detalle noticia>
Kalamu elkarteen jarduna udarako arautzea adostu du Eusko Legebiltzarrak
Fecha: 05.03.2012 Fuente: www.berria.info

Elkarteak legezkoak badira ere, kalamuaren landaketak arazo ugari eragiten dizkie kideei. / BERRIA
Elkarteen «alegaltasun» egoera argitzeko asmoz, txosten bat osatuko dute hainbat adituk eta erakunde publikok.

Kalamua kontsumitzeko elkarteen egoera juridikoa argitzeko bidean beste urrats bat egin du Eusko Legebiltzarrak. Horien jarduna arautzeko txosten bat osatzea onartu dute parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek, eta epe bat jarri diote dokumentuaren sorrerari: uda. Hain zuzen, urte politikoa amaitu aurretik.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran onartu zuten, atzo. Elkarteei «segurtasun juridikoa» ematea da EAJren, PSE-EEren, PPren, Aralarren, EAren, Ezker Anitzaren eta UPDren asmoa, guztiak bat baitatoz kalamua kontsumitzeko elkarteak «alegalak» direla eta horrek segurtasunik eza eragiten diela talde horietako kideei. Hortaz, egoera «zuzentzeko», kalamua landatu eta banatzea zein kasutan den legezkoa zehaztu beharko diete txostenaren egileek elkarteei. Hainbat erakunde publikok eta adituk osatuko dute agiria, eta, horretarako, aintzat hartu beharko dituzte «norbanakoen autonomia eta erretzaileak ez direnen eskubideak».

Euskadi Drogak 2010 agiriak azaleratutako emaitzak oroitarazi dituzte talde politikoek; horren arabera, Europako Batasunean gehien kontsumitzen den lurraldeak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Berrogei elkarte inguru daude hiru herrialdeetan.

Erabaki «historikoa»

Elkarte Kanabikoen Federazioak 2010eko azaroan eraman zuen legebiltzarrera elkarteak arautzeko eskaera, eta erabakiarekin pozik da federazioko presidente Martin Barriuso; «historikotzat» jo du. Hala ere, gogorarazi du txostenak errespetatu egin beharko duela Espainiako Zigor Kodea, eta, beraz, elkarteak arautu besterik ezingo duela egin, kalamuaren kontsumo orokorra alde batera utzita. Nolanahi ere, legeztatzearen alde egin du: «Konpondu nahi dituenak baino arazo gehiago sortzen ditu kalamua debekatzeak».

Gizartean landare horren erabilera errotuta dagoela ohartarazi du Barriusok, eta, beraz, heziketan eta kontsumoari aurrea hartzean lan egitea proposatu du: «Erabaki behar dugu kalamua arautu nahi dugun edo funtzionatzen jarraituko duen legez kanpoko merkatu baten eskuetan utzi nahi dugun». Bestalde, taldeetako kide gehiago ez atxilotzea espero du Barriusok, Poliziak sarritan atxilotu baitu Barriuso bera droga trafikoa egotzita.

Kalamua kontsumitzea ez da zigortzen, eta asmo hori duten elkarteak legezkoak dira, baina, elkarteen barne kontsumorako, beharrezkoa da kalamua landatzea eta kideen artean banatzea. Legez kanpokoa da hori, eta kideen aurkako sarekada ugari egin ditu Poliziak. Kalamu elkarteen egoera arautzeko beharra onartu zuen iazko abenduaren 21ean legebiltzarrak, eta horretarako txosten bat egitea da orain onartu duena. Horrez gain, Droga Mendekotasunen Lege proiektua onartu zuen hil horretan bertan Eusko Jaurlaritzak; tartean, elkarteen jarduna arautzea proposatzen du bertan.